CD Eldense 2-0 SD Amorebieta: Porrot berri bat etxetik kanpo
Urdinek beste emaitza negatibo bat izan dute etxetik urrun. Oraingoan, Club Deportivo Eldenseri egindako bisitan, Juanto Ortuñoren bi golei esker 2-0 gailendu dena, gaurko eguerdi eguzkitsuan Nuevo Pepico Amat zelaian jokatutako LALIGA Hypermotioneko 13. jardunaldiko partidan.
Neurketa berdinduta hasi da, dominatzailerik gabe. Hala ere, Eldensek asmatu egin du bere lehen hurbilketan. 14. minutuan ireki du markagailua Juanto Ortuñok, azken orduan hamaikakoan sartu dena Andonek beroketan min hartu duelako, orpoz egindako erremate polit batekin. Golak on egin dio etxeko taldeari, urdinen arearen inguruak sarriago zapaltzen hasi baita, eta gureei kosta egin zaie erreakzionatzea. Pixkanaka-pixkanaka, gureek luzatzea lortu dute hegaletatik hasitako erasoen bitartez, baina azken metroetan argitasuna falta izan zaie aukera argiak sortzeko. Gauzak horrela, norgehiagoka 1-0ekoarekin heldu da atsedenaldira.
Aldagelatik igaro ondoren, Haritz Mujikaren taldeak berdinketa sinatzetik gertu egon dia, baina Avilesen jaurtiketak ez du aterik aurkitu gutxigatik. Gureek azeleragailua zapaldu dute berdinketaren bila eta etengabe saiatu dira, baina asmatu gabe. Bigarren zatiaren erdialdea gaindituta, epaileak, VAR sistemak eskatuta, area barruan egindako ekintza bat berrikusi du eta penaltia adierazi du Siboren esku batengatik. 11 metroetatik, Juanto Ortuñok ez du barkatu eta 2-0ekoa sartu du. SDAk segituan erreakzionatu du. Edwards eta Dorrio aldea murrizten saiatu dira bi jaurtiketa on eginda, baina lehenengoa oso gutxigatik joan da kanpora eta bigarrena Zubiaurrek gelditu du. Urdinek ez dituzte besoak jaitsi eta amaierara arte borrokatu dute, baina ez dute gola sartzeko modurik aurkitu.
CD ELDENSE: Zubiaurre, Toni Abad, Dumic, Carlos Hernández (86’ Álex Bernal), Sergio Ortuño (80’ Miguel Marí), Soberón (62’ Cris Montes), Juanto Ortuño, Chapela (62’ Poloni), Marc Mateu, Timor eta Salcedo (62’ Arnau Ortiz).
SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Félix, Lasure, Erik Morán (71’ Edwards), Sibo, Dorrio (80’ Quintero), Rayco (71’ Morci), Avilés (80’ Eraso) eta Da Graca.
Golak: 1-0: Min. 14; Juanto Ortuño. 2-0: Min. 70; Juanto Ortuño, penaltiz.
Epailea: Trujillo Suárez. Txartel horiak atera dizkie Dumic; Félix eta Erik Morán jokalariei.