Urdinek meritu handiko puntua lortu dute Natxo Gonzalezen estreinaldian. Izan ere, berdindu egin dute CD Arenteirori egindako bisita zailean. Etxekoek aurrea hartu dute atsedenaldiaren atarian, baina SDAk 1-1ekoa lortu du bigarren zatiko hasiera onean. Dani Selmaren zigilua eraman du zornotzarren golak.

Gureak ondo sartu dira partiduan, lerroak elkartuta eta defentsa lanetan kontzentratuta. Talde galiziarrak ere sendo erantzun dizkie urdinen erasoko saiakerei. Gauzak horrela, lehen ordu erdia bi aldeetan nabarmentzeko aukerarik gabe igaro da. Hala ere, lehen zatiko azken txanpan, Arenteirok golaren bila jo du. Trantsizio azkar bat aprobetxatuz, Enol arean bakarrik sartu da, baina bere tiroak zutoina ukitu du. Gaizkak 40. minutuan lan egin behar izan du geldiketa bikoitz batekin. 45a gaindituta heldu da 1-0ekoa, Pascuk ondo bukatu duen jokaldi korapilatsu batean.

Aldagelatik igaro ostean, urdinek aurrerapausoa eman dute eta goian presioa egin diote aurkariari. Gureek azkar berreskuratzen zuten baloia eta kontrako arearen inguruan jokatzen zuten. Yuste eta Herviasen bi jaurtiketek ez dute aterik aurkitu bigarren zatiko lehen minutuetan. Lan onak bere fruituak eman ditu. Iñigo Muñozek eta Carbonellek ondo konektatu dute eskuin hegaletik eta azken honen erdiraketa Selmak harrapatu du area barruan 1-1ekoa egiteko. Arenteirok bigarrenaren bila jo du berriro, baina gureek sufritzen eta elkarrekin borrokatzen jakin dute, aukerarik ez emateko. Luzapenean bakarrik egon da talde galiziarra gola sartzetik gertu, baina Gaizkaren geldiketa bikain batekin egin dute topo partidako azken ekintzan.

CD ARENTEIRO: Diego García, Iano, Javi Moreno, Mangel, David Ferreiro, Martín Solar (69’ Curro), Diego Gómez, Pascu (69’ Markitos), Enol, Tarsi eta Jordan.

SD AMOREBIETA: Gaizka, Enol Coto, Calavera (74’ Coulibaly), Kortazar, Camacho, Yuste, Ben Hamed, Carbonell (84’ Aurtenetxe), Iñigo Muñoz (84’ Reka), Hervías (74’ Mauro Bravo) eta Selma (80’ Álvaro Marín).

Golak: 1-0: Min. 45; Pascu. 1-1: Min. 61; Selma.

Epailea: Fernando Román Román. Txartel horiak atera dizkie Martín Solar, Mangel; Calavera, Kortazar, Ben Hamed, Hervías, Camacho eta Marín jokalariei.

Compártelo