SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik batu Club Deportivo Alcoyanoren zelaian, non etxekoek 1-0 irabazi dute Lehen Federazioko 30. jardunaldiko partida honetan. Aurkariek hasierako minutuetan sartu dute gola eta gureek korrontearen kontra arraun egin behar izan dute. Erritmo gutxiko eta etenaldi ugariko partida izan da. Zornotzarrei kosta egin zaie aukerak sortzea. Eta egin ahal izan dutenean, Bañuzen eskularruekin topo egin dute. Horrela, Haritz Mujikaren mutilek ezin izan dute hamargarren lehia jarraian kateatu puntuak pilatzen eta bigarren itzuliko lehen porrota sufritu dute.

Gureak zorrotzago atera dira eta lehen abisuak egin dituzte Julen Jonen bitartez. 3. minutuan, bere burukada Dorriok ateratako falta baten ostean kanpora joan da. Handik gutxira, Seguinek jaurti du falta eta Julen Jonen bolea Bañuzek gelditu du. Alcoyanok berehala erreakzionatu du. Juananek sartu du 1-0ekoa 9. minutuan, takoizko erremate zehatz batekin. Jarraian, Alacanteko taldea bigarrena sinatzetik gertu egon da aukera bikoitz batekin. Magunagoitiak, lehenengo, eta langak, gero, 2-0ekoa saihestu dute. Hasiera zirraragarri horren ondoren, erritmoa eten egin da. Atsedenaldira iritsi baino lehen saiatu dira gureak berdinketa markagailura itzultzen, baina ez dute Alcoyano sendo bati min egiteko modurik aurkitu. Aurkariak ere ezin izan du arriskurik sortu lehen zatiko azken ordu erdian, atzelari urdinak adi egon baitira etxekoen kontraerasoak geldiarazteko.

Gidoia ez da gehiegi aldatu bigarren zatiaren hasieran. Haritz Mujikaren mutilek ahaleginak egiten zituzten, baina ez ziren aurkariaren defensa gainditzeko gai.  Lehen ordua pasata, Seguin 1-1ekoa lortzetik gertu egon da falta jaurtiketa batekin eta Bañuz atezaina lan egitera behartu du. Etenaldi ugari egon dira. Erlojua aurrera zihoan eta jokoa geldirik zegoen etengabe. Hala ere, gureek azkeneraino borrokatu dute. Berdinketa lortzear izan da Iturraspe 80.ean, baina bere burukadak Bañuzen hegaldiarekin topo egin du. Hortik aurrera, txartel-karrusela SDAko jokalarientzat. Bost hori hamar minutu baino gutxiagoan. Horietako bi Muruarentzat izan dira. Beraz, urdinek bat gutxiagorekin jokatu behar izan dute azken txanpa. Luzapenean, Magunagoitiak 2-0ekoa saihestu du. Azkeneko abagunea Etxeitak izan du, baina gaur ez da gola lortzeko modurik egon.

CD ALCOYANO: Bañuz, Primi, Lobato, Álvaro Vega, Fran Miranda, Juanan, Agüero, Koke Saiz (67’ Liberto), Lillo, Armental  (76’ Soler) eta Alcaina (67’ Moha).

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Víctor López, Etxeita, Antxon (79’ Murua), Seguín, Sibo (69’ Iturraspe), Albisua, Dorrio (79’ Pradera), Rayco (54’ Buján), Julen Jon (54’ Ewan) eta Jauregi.

Gola: 1-0: Min. 9; Juanan.

Epailea: Lax Fanco. Murua kaleratu du bi txartel horirekin 89. minutuan. Gainera, Dorrio, Pradera, Buján eta Albisuari txartel horiak atera dizkie. Alcoyanoren aldetik Fran Mirandak ikusi du txartel horia. 

Compártelo