Burgos CF 2-2 SD Amorebieta: Merito handiko berdinketa 2021 ahaztezin bati agur esateko
Urdinek merito handiko berdinketa batekin esan diote agur 2021 ahaztezinari, SmartBank Ligara lortutako igoera historikoarengatik gogoratuko dena. Txapelketaren bigarren itzuliari hasiera eman dion partidan, gaur arratsaldean El Plantion jokatu dena, gure taldeak 2-2koa sinatu du Burgosen aurka. Nahiz eta baja ugari izan eta neurketaren hasieran bi gol jaso ondoren, zornotzarrek euren lehiakortasuna erakutsi dute eta puntu bat berreskuratzeko gai izan dira Obiren bi golei esker.
Iñigo Vélez de Mendizabalek hamabost futbolari bakarrik erabili ahal izan ditu, lesioak, zigorrak eta COVID-19agatik. Etxekoak nagusi izan dira lehenengo minutuetan eta 10.ean atea zulatu dute Mumok area ertzetik egindako jaurtiketa bati esker, baina gola ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako. Hala ere, Burgosek 1-0ekoa sartu du handik gutxira, Guillermoren bitartez norgehiagokaren 15. minutuan. Aurkariak ez dira konformatu eta 20. minutuan, Valcarceren jaurtiketa gurutzatu baten ondoren, abantaila handitu dute. Lehen aipatutako bajak gutxi balira, ordu erdira heldu baino lehen Larrak zelaia utzi behar izan du, bere lekua eskuineko hegalean oso zorrotz atera den Zarrari utziz.
Zornotzarrak diferentzia murrizteko zorian egon dira 33. minutuan, Seguinen erdiraketa bikaina aprobetxatuz, baina Guruzetaren errematea kanpora joan da gutxigatik. Dena den, berehala sinatu dute 2-1ekoa dute, Obik burukada itzel bat konektatu duenean Seguinek modu ikusgarrian jaurtitako korner baten ostean. Aurrelaria 2-2koa lortzetik gertu egon da atsedenaldira ailegatu baino lehen, baina Carok eragotzi du geldiketa on batekin.
Urdinek lehen zatiko bukaeraren maila ona mantendu dute bigarrenean. Zarra atezaina ezustean harrapatzeko zorian egon da aldagelatik itzuli eta berehala, baina Carok baloia gelditu du atepean. Beste behin ere, zornotzarrek erakutsi dute inoiz ez dituztela besoak jaisten. Estutzen jarraitu dute berdinketaren bila, Burgos defentsa-lanetan buru-belarri aritzera behartuz. Bigarren zatiaren erdialdean, aukera garbiak sortu dituzte. Atezainak Guruzeta eta Obiren golak ekidin ditu eta Mikel Álvarok kanpora errematatu du Zarraren jokaldi izugarri baten ondoren. Ekinaren saria 80. minutuan iritsi da, Obik 2-2koa sinatu duenean eskuadratik sartu den eskuinkada zoragarri batekin.
BURGOS: Caro, Córdoba, Miguel Rubio, Grego, Valcarce, Matos (88’ Alarcón), Elgezabal, Andy (69’ Undabarrena), Mumo, Juanma (69’ Saúl Berjón) eta Guillermo (76’ Alegría).
AMOREBIETA: Marino, Larra (29’ Zarra), Aimar, Arregi, Óscar Gil, Seguín, Iker Bilbao, Álvaro Peña, Mikel Álvaro (76’ Unzueta), Obi eta Guruzeta (88’ Orozko).
Golak: 1-0: Min. 15; Guillermo. 2-0: Min. 20; Valcarce. 2-1: Min. 35; Obi. 2-2: Min. 80; Obi.
Epailea: López Toca (Kantabria).