SD Amorebieta

Urdinek puntuak pilatzen jarraitzen dute. Oraingoan Barça Atlètic taldeari egindako bisita zailean lortu dute, Lehen Federazioko 23. jardunaldiko partidan. Etxekoak atsedenaldira aurretik joan dira markagailuan, baina Julen Jonek bigarren zatian sartutako golak behin betiko 1-1ekoa sinatu du.

Gureek gogotsu ekin diote neurketari eta aukera izugarria sortu dute 5. minutuan. Zoritxarrez, Jauregiren erremateak, Mierren erdiraketa baten ostean, langan jo du. Lehiak nahiko berdinduta jarraitu du, aukera aipagarririk gabe, Barça Atleticek 18. minutuan 1-0ekoa sartu duen arte. Magunagoitiak Barberaren jaurtiketa gelditu du, baina aldaratzea Arandak harrapatu du eta ez du barkatu. Golak on egin dio Rafa Marquezen taldeari, pilotaren jabe egin baita hurrengo minutuetan. Hala ere, urdinek suspertzen jakin dute eta lehen zatiko azken txanpan luzatu egin dira. Yriarteren eta Bujanen bi burukadekin bilatu dute berdinketa, baina erdiratuegi atera dira eta ezin izan dute Rufús gainditu.

Urdinak indartsu bueltatu dira aldagelatik. Julen Jonen burukada langatik gertu atera da. Jarraian, Barça Atleticek abantaila handitzeko zorian izan da, baina Pelayoren saiakerak egurrean jo du. 1-1ekoa 64.ean heldu da estrategia jokaldi batean. Toni Herreroren erdiraketa baten ostean, Julen Jonek buruz bidali du baloia sarera. Bere lehen gola SDAko jokalari gisa. Hurrengo minutuetan, Mierrek eta Dorriok 1-2koa bilatu dute, baina euren tiroak kanpora joan dira.

Azken txanpa benetan zirraragarria izan da. Etxekoak bat gutxiagorekin geratu dira 79. minutuan, Zalaya atzelariak bigarren txartel horia ikusi duenean Dorriori egindako falta gogor batengatik. Gureek aukera argia sortu dute 84.ean, baina Rafusek geldiketa bikaina egin dio Jauregiri Julen Jonen pase eder baten ondoren. Norgehiagoka berriro berdindu da 87. minutuan jokalari kopuruari dagokionez, Seguinek bigarren txartel horia jaso baitu. Azken txanpan, Barça Atletic gora joan da, baina urdinak sendo egon dira merezitako puntua lotzeko zelai zail batean.

BARÇA ATLÈTIC: Arnau Rafús, Casadó, Zalaya, Aranda (46’ Moha), Estanis (72’ Fabio), Vega (46’ Dionkou), Núñez, Luismi (80’ Sergi Domínguez), Carbonell, Pelayo eta Barberà (72’ Roberto).

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Juan Rodríguez, Toni Herrero (80’ Ewan), Sibo, Yriarte, Buján (67’ Dorrio), Rayco (80’ Seguín), Cantón (46’ Julen Jon) eta Jauregi (89’ Murua).

Golak: 1-0: Min. 18; Aranda. 1-1: Min. 64; Julen Jon. 

Epailea: Ramo Andrés. Barça Atleticeko Zalaya (79′) eta SDAko Seguín (87′) jokalariek txartel gorriak ikusi dituzte. Gainera, Estanis, Barberà; Juan Rodríguez, Rayco eta Etxeita futbolariei horiak atera dizkie.

Partekatu