Barakaldo CF 2-0 SD Amorebieta: Jaitsiera ziurtatzen duen porrota

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Barakaldori egindako bisitan, 2-0 galdu ostean Lasesarren jokatutako derbian. Porrot honek matematikoki ziurtatzen du SDA Bigarren Federaziora jaitsi dela. Izan ere, salbazioa lortzeko borrokan sartuta dauden beste talde batzuen arteko lehia zuzenak jokatu behar izateak taulan bost talde gainditzeko aukerarik gabe uzten ditu gureak.
Denboraldia ez da nahi bezalakoa izan, ezta espero zena ere. Gogoeta egitea, akatsetatik ikastea eta etorkizunera begiratzea besterik ez dago, berriro gozatzeko poztasun une berriak iritsiko direla sinetsita. Nola ez, eskerrak eman nahi dizkiegu zale urdinei beti taldearen ondoan egoteagatik. Gaur berriro erakutsi dute. Barkatu maila ez emateagatik.
Gaurko norgehiagokan, etxeko taldea aurrea hartzeko zorian izan da hasi eta berehala, Revillaren jaurtiketa indartsu baten bidez, Marinoren geldiketa onarekin topo eginda. Aurkariaren presio biziak ez zien urdinei metroak aurrera egiten uzten. Lehen zatiko erdialdean, Barakaldok estutu egin du golaren bila eta 29. minutuan aurkitu du saria, Ekaitz Molina jokalari urdin ohiaren bitartez. Natxo Gonzalez gidoia aldatzen saiatu da 1-0ekoa jaso eta berehala, bi aldaketa eginda. Gureak berdinketa lortzetik gertu egon dira atsedenaldia baino lehen. Lehenengo Vicandiren bidez, baina Jon Tena SDAko atezain ohiak geldiketa ona egin du. Minutu bat beranduago, Tenak eskularrua sartu behar izan du Yusteren zartakoa desbideratzeko.
Atsedena gureak ondoen zeudenean iritsi da. Hala ere, aldagelatik gogotsu bueltatu dira. 47. minutuan, Vicandik Tenaren geldiketa on batekin egin du topo berriro. Kolpe truke horretan, Valiño izan da huts egin ez duena eta etxekoen aldeko abantaila handitu du. 2-0ekoarekin, urdinek ez dituzte besoak jaitsi, baina ezin izan dute jaitsiera matematikoki zapuzten duen porrota saihestu.
BARAKALDO CF: Tena, De Jesús (89’ Buján), Jelbat, Ekaitz (89’ Naveira), Pedernales, Huidobro, Valiño, Revilla (68’ Pablo Santiago), Artetxe, Urki (68’ Jesús Martínez) eta Muguruza.
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto (73’ Hervías), Amelibia, Kortazar (73’ Calavera), Camacho, Yuste, Ben Hamed (73’ Coulibaly), Javi Sola (31’ Masllorens), Vicandi, Iñigo Muñoz eta Álvaro Marín (31’ Selma).
Golak: 1-0: Min. 29; Ekaitz. 2-0: Min. 60; Valiño.
Epailea: Javier Figueiredo Comesaña. Txartel horia atera die etxeko Muguruza eta Urki jokalariei; eta Kortazarri SDA-ren aldetik.