SD Amorebieta

Urdinek une gozoan jarraitzen dute. Gaur Atletico Balearesen aurka erakutsi dute Lehen Federazioko 25. jardunaldiko partidan. Talde osoaren lan ikaragarriari esker eta Julen Jon Guerrerok atsedenaldia baino lehen sartutako gol batekin, Sociedad Deportiva Amorebietak 0-1 irabazi du Estadi Balear zelaian.

Norgehiagokako lehen abagunea 7. minutuan iritsi da. Jauregik aurkariaren zelaian berreskuratu du baloia eta gola sartzeko zorian egon da, baina bere jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da oso gutxigatik. Bigarren aukerarako 26ra arte itxaron behar izan da, oraingoan etxekoen alde Marc Baroren misil batekin. Magunagoitiak geldiketa bikaina egin dio. Toni Herrerok falta jaurtiketa batekin eta Raycok Renek gelditu duen erremate batekin gola bilatu dute hurrengo minutuetan. 0-1ekoa atsedenaldira joan baino apur bat lehenago heldu da. Dorriok falta bat atera du ezkerretik eta Julen Jonek guztien gainetik salto egin du baloia buruz ate barrura bidaltzeko.

Urdinak indartsu bueltatu dira aldagelatik eta 0-2ekoa bilatu dute bigarren zatiaren hasieran, hainbat aukera sortuz. Argienean langa gainetik atera da Mierren jaurtiketa, Dorriok gidatutako kontraeraso azkar baten ostean. Gureek partida kontrolatzen jarraitu dute eta 75.ean abantaila handitzeko aukera argia izan dute. Raycoren pase bikain batek Ewan utzi du Reneren aurrean, baina aurrelariak ez du atezaina gainditzea lortu. Atletico Balearesek azken unera arte borrokatu du berdinketa egiteko, baina Haritz Mujikaren mutilak oso sendo egon dira eta ez dio aukerarik eman aurkariari, playoff postuetan mantentzen dituen garaipen berri bat lotuz.

ATLÉTICO BALEARES: René, Laure (54’ Bilal), Marc Baró, Olaortua, Tropi (79’ De Vega), Navarro, Sibille, Dioni, Narro, Petcoff (70’ Toni Ramón) eta Miguelete.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Antxon, Toni Herrero, Sibo (84’ Albisua), Yriarte, Dorrio (77’ Buján), Rayco (77’ Víctor López), Julen Jon (61’ Ewan) eta Jauregi (84’ Iturraspe).

Gola: 0-1: Min. 44; Julen Jon.

Epailea: Ortega Herrera. Txartel horiak atera dizkie Laure, Petcoff; Rayco, Juan Rodríguez eta Víctor López jokalariei.

Compártelo