Asier Goiriak eta SDAk euren bideak bananduko dituzte zazpi denboraldi arrakastatsuren ostean
Sociedad Deportiva Amorebietak jakinarazten du Asier Goiriak ez duela kirol zuzendari gisa jarraituko datorren denboraldian. Zornotzarrak gaur Urritxen egindako prentsaurrekoan eman du erabaki horren berri.
Hau bere zazpigarren denboraldia izan da karguan. 2017. urtean ekin zion, futbolari gisa egindako ibilbideari amaiera eman eta gero. Bi etapatan defendatu zituen kolore urdinak aurrelari bezala. Izan ere, zornotzarra SDAko harrobian hezi zen eta mailak igotzen joan zen lehen taldera iritsi arte. Ibilbide bikaina egin ondoren, 2014-2015 eta 2015-2016 denboraldietan etxera itzuli zen, bere jokalari ibilbidearen azken txanpan.
2017ko udan kirol-zuzendaritzaren gidaritza hartu zuenetik, urdinen lehen taldeak bere ehun urteko historiako kirol-etaparik arrakastatsuena bizi izan du, Bigarren Mailarako bi igoera ahaztezinekin.
Horregatik, urte hauetan izan duen konpromisoagatik, inplikazioagatik eta profesionaltasunagatik, SDAk eskerrak eman eta etorkizunera begira zorterik handiena opa nahi dio arlo profesionalean zein pertsonalean. Hau beti izango da zure etxea, Asier.