Albacete Balompié 2-2 SD Amorebieta: Berdinketa partida ikusgarri batean
Urdinek puntu bat lortu dute Carlos Belmonte zelai zailean. Haritz Mujikaren mutilek maila oso ona eman dute. Horren erakusle da Raycoren eta Felixen golekin 0-2 jarri direla markagailuan. Hala ere, Albacetek berdinketa ezarri du partida ikaragarri batean, non bi taldeek aukera ugari eta onak izan dituzte.
Partida bikain hasi da zornotzarren interesentzat, 5. minutuan aurrea hartu baitute Raycoren dianari esker. Kanariarrak aldaratzea harrapatu du Edwardsen jaurtiketa batek zutoina jo ondoren eta baloia sare barrura bidali du. Geroxeago, Sibok bigarrena bilatu du buruz, baina bere saiakerak ez du aterik aurkitu. Dorrio ere errenta handitzeko zorian egon da ordu laurdenera iritsi aurretik, baina bere errematea etxekoen defentsa batek estali du.
Urdinek ondo jarraitu dute eta 0-2koa 24. minutuan iritsi da, Raycok eta Felixek ezker hegaletik egindako jokaldi bikain baten ondorioz. Azken honek Bernabe atezaina gainditu du jaurtiketa bortitz batekin. 30ean Albacete aldea murriztetik gertu egon da Quilesen bitartez, baina bere errematea langa gainetik atera da. 30 graduko tenperaturak eragin handia izan du bi taldeetan minutuek aurrera egin ahala eta erritmoa gelditu da. Hala ere, etxeko taldeak 1-2ekoa lortu du aldagelara joan aurretik eta Manu Fusterren golari esker.
Bigarren zatia albiste txarrekin hasi da. Felixek ezin izan du berdegunean jarraitu arazo fisikoengatik eta bere lekua Seguini utzi dio. Eta 49.ean, Albacetek 2-2koa egin du Quilesen bitartez. Hala ere, urdinak altxatu egin dira eta 2-3koaren bila joan dira. Jauregik bilatu du kanpora joan den jaurtiketa indartsu batekin. Argiago izan du Carbonellek handik pixka batera, Bernaberen geldiketa ikusgarri batekin topo egin duenean.
Neurketaren lehen ordua gaindituta, Edwards izan da goletik gertu egon dena Dorrioren pase on baten ostean, baina ez du asmatu. Albacetek bi abagune argirekin erantzun du, baina Camposek bi geldiketa ikusgarri egin ditu berdinketari eusteko. Azken txanpan bi taldeek izan dute irabazteko aukera, baina gureek ez dute saririk lortu azken metroetan eta aurkariak Camposen beste bi geldiketa onekin egin du topo.
ALBACETE BALOMPIÉ: Bernabé, Djetei, Agus Medina (46’ Bolívar), Juanma, Riki, Manu Fuster, Julio Alonso (83’ Jonathan Silva), Olaetxea, Quiles (63’ Shashoua), Álvaro (46’ Carlos Isaac) eta Glauder (46’ Ros).
SD AMOREBIETA: P. Campos, Jorge Mier (59’ Álvaro Núñez), Etxeita, Manu Hernando, Félix (46’ Seguín), Carbonell (76’ Erik Morán), Sibo, Dorrio (83’ Quintero), Rayco, Edwards (83’ Eraso) eta Jauregi.
Golak: 0-1: Min. 5; Rayco. 0-2: Min. 24; Félix. 1-2: Min. 45; Manu Fuster. 2-2: Min. 49; Quiles.
Epailea: Galech Apezteguia. Txartel horiak atera dizkie Olaetxea eta Agus Medina jokalariei.