SD Amorebieta

Gaur, uztailak 15, astelehena, denboraldiaurre berri eta ilusionagarri bat hasi da Urritxen. Urdinek, Julen Guerrero entrenatzaile gisa dutela, denboraldi berezi bateko lehen entrenamendua burutu dute, SD Amorebietak mende bat beteko baitu 2025ean.
SDAren proiektu berriaren staff teknikoa, Jabi Luaces kirol zuzendaria eta Edu Abad idazkari teknikoa dituena, honako hauek osatuko dute: Julen Guerrero (entrenatzailea), Bernat Vizcaya (entrenatzaile laguntzailea), Jordi Martín (entrenatzaile laguntzailea), Aitor Baraia (prestatzaile fisikoa), Axel Alkorta (atezainen entrenatzailea), Zohiartze Moral (fisioterapeuta) eta Iker Zarate (delegatua).

Klubak taldea osatzen jarraitzen du. Momentuz, Unai Marino atezainak; Alex Carbonell, Sergio Camacho, Jon Ander Amelibia eta Mikel Kortazar atzelariek; Alvaro Yuste, Berto González, Pablo Hervias eta Nassourou Ben Hamed erdilariek; eta Alex Aizpuru “Kaxe” aurrelariak osatzen dute. Haiekin batera, harrobiko zortzi jokalarik hasi dute denboraldiaurrea, lehen taldean lekua lortzeko helburuarekin: Yanniick Pedrosa atezaina, Abderrahim Issakhi atzelaria, Peru Candaudap, Harold Reyes eta Jon Goirizelaia erdilariak, eta Iker Rekagorri, Unax Benito eta Unai Bayon aurrelariak. Txaber Ajuriagoikoa erdilari zornotzarra ere Guerreroren aginduetara egongo da. Gaztetan lehen taldearekin debuta egin zuen eta iaz Paduran aritu zen. Gainera, Unai Veiga futbolaria proban dago.

Lehen Federazioan lehiatuko dute, futbol nazionaleko hirugarren mailan, eta bertan 1. Multzoko partaide izango dira. Bertan, honako talde hauek izango dituzte aurkari eta bidelagun: Barakaldo, Bilbao Athletic, Sestao River, Real Sociedad B, Real Union, Osasuna Promesas, Arenteiro, Celta Fortuna, Lugo, Ourense, Cultural y Deportiva Leonesa, Gimnástica Segoviana, Ponferradina, Unionistas de Salamanca, Zamora, Tarazona, Barça Atlétic, Gimnàstic de Tarragona eta Andorra.

Ligaren egutegia uztailaren 23an jakingo da eta txapelketa abuztuaren 24an eta 25ean hasiko da. Ordura arte, urdinek hainbat lagunarteko partida jokatuko dituzte: Castro (uztailaren 27an Urritxen), Racing de Santander (abuztuaren 2an Guarnizon), Eibar (abuztuaren 9an Urritxen), Calahorra (abuztuaren 10ean La Planillan) eta Sporting Atlético (abuztuaren 17an Urritxen).

Compártelo