Urdinek puntu landua lortu dute Real Unioni egindako bisita zailean, SDAk liga txapelketan lehiatu duen lehen euskal derbian. Stadium Galek partida entretenigarria ikusi du, non bi ateetan abaguneak egon dira. Hala ere, gol bakarrak Obieta jokalari urdin ohiak (14.ean) eta Alvaro Marinek (34. minutuan) sinatu dituzte. 

Gureak markagailuan aurreratzeko zorian egon dira 4. minutuan, Marinek bukatutako aukera argi batean. Jaurtiketa gurutzatua zutoinetik oso gertu kanpora joan da, Coulibalyk pase ona eman ostean. Zornotzarren arean antzeko ekintza egin du Real Unionek Obietaren bitartez 14. minutuan 1-0ekoa lortzeko. Gureak kolpetik altxatu eta berdinketaren bila joan dira. Gertu egon da 15ean abagune bikoitz batekin. Wright atezainarekin topo egin dute Herviasek eta Muñozek. 

Urdinek gogor jarraitu dute eta 1-1ekoa sartu dute 34.ean. Herviasen erdiraketa ezkerretik eta Alvaro Marinek, area barruan kontrolatu ondoren, ez du barkatu. Irungo taldeak area barruan egindako jokaldi batekin erantzun du, non Gaizkaren eta atzelarien artean baloiak ateara ez iristea lortu dute. Horrela, partida berdinketarekin heldu da atsedenaldira.

Aldageletatik igaro ostean, Real Union izan da abisua ematen lehena, baina Asier Benitok ez du asmatu. SDAk erantzun dio aukera handi batekin, non Ben Hameden burukada kanpora joan da Herviasen beste erdiraketa on baten ondoren. 2-1ekotik gertu egon da etxeko taldea 60an, baina Amelibia agertu da area txikian ekiditzeko. Gaizkari 63.ean luzatzea egokitu zaio, Josecaren zartakoari aurre egiteko. Handik gutxira, Obietaren burukadak ez du atea aurkitu. Azken txanpan, Real Unionek izugarri estutu du garaipenaren bila, baina Gaizkaren bi geldiketa bikainekin topo egin du eta derbia puntu banaketarkin amaitu da.

REAL UNIÓN CLUB: Wright, Santos (71’ Eimil), Joseca, Domínguez, Quintana, Aranzabe (65’ Lozano), Asier Benito (65’ San Bartolomé), Rivero, Obieta, Vidorreta (84’ Iker Bilbao) eta Dani Garrido (71’ Sergio Benito).

SD AMOREBIETA: Gaizka, Enol Coto (54’ Calavera), Amelibia, Kortazar, Camacho (76’ Reka), Nakai, Ben Hamed, Coulibaly (54’ Yuste), I. Muñoz (54’ Julen Jon), Hervías eta A. Marín (66’ Selma).

Golak 1-0: Min. 14; Obieta. 1-1: Min. 34; Marín.

Epailea: Alonso De Ena Wolf. Txartel horiak atera dizkie Vidorreta, San Bartolomé, Santos eta Domínguez jokalariei.

Partekatu