Garaipen ona Alavés B-ren kontra
Urdinek euren seigarren lagunartekoa jokatu dute gaur goizean eta maila ona eman dute Alaves B-ren kontra. Muguruzak 0-1ekoa sartu du Josep Diazek egindako jokaldi itzel baten ostean eta Iker Torrek buruz handitu du abantaila Agirreren korner jaurtiketa batean ondoren. Aurkariak azken minutuan sartu du 1-2koa.
Gureak oso serio sartu dira partiduan, defentsan sendo, baloiaren erabileran zehatz eta arrisku aukerak sortuz. Lehen ordu laurdena baino lehen, Hernaizek baloia langara bidali du. Lehen zatiaren erdialdean, Cabok eskuadra bilatu du Erik Moranekin konbinazio ona egin ostean, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. 40.ean iritsi da saria, Josep Diaz barruraino sartu da jokaldi bikain batekin eta Muguruzak ez du barkatu. Atsedenaldira joan aurretik, Alaves B-k aukera bikoitza sortu du. Lehenengoa Murgoitiok gelditu du eta segituan Izeiren tiroak egurrean jo du.
Urdinek ez dute maila jaitsi bigarren zatian, non Jon Castrillok taldea freskatu du aldaketekin. 60an SDAk 0-2koa egin du korner batean. Musikaz jarri du Agirrek eta Iker Torre guztien gainetik altxatu da baloia sarera bidaltzeko burukada bikain batekin. Urdinek sendotasun handia erakutsi dute defentsan eta laugarren partidaz jarraian atea hutsean uzteko zorian egon dira, baina Aitorrek eragotzi du azken minutuan behin betiko 1-2koa eginez.
ALAVÉS B: Greg, Carmona, Carlos, Paco, Oihan, Iván, Alberca, Viso, Flavio, Lander eta Izei. Aulkitik Hugo, Álex, Tomás, Aitor, Eneko eta Encinas zelairatu dira.
SD AMOREBIETA: Murgoitio, Muguruza, Diaz de Alda, Iker Torre, Presa, Hernaiz, Erik Morán, Eder, Josep Díaz, Cabo eta Etxaniz. Aulkitik Agirre, Intxausti, Petralanda, Ignacio, Tejeda, Ajuriagoikoa, Reka, Larralde, Bikandi, Peru eta Azkuna sartu dira.
Golak: 0-1: Min. 40; Muguruza. 0-2: Min. 59; Iker Torre. 1-2: Min. 90; Aitor.
Epailea: Txartel gorria atera dio Alaveseko Tomás jokalariari.