Sociedad Deportiva Amorebietak Erik Morán Arribas (Portugalete, 1991-05-25) jokalariaren itzulera iragarri nahi du. Eskarmentu eta kalitate handiko futbolaria, urdinez jokatu zuen duela hiru denboraldi, talde zornotzarra Bigarren Mailan aritu zenean. Denboraldi horretan, Moranek 33 lehia ofizial jokatu zituen eta goleko lau pase eman zituen. Erdilariak 250 partida baino gehiago jokatu ditu futbol nazionaleko bi maila gorenetan eta ehun bat neurketa brontzezko mailan.

Moran Athletic Cluben hezi zen eta bere lehen taldean 2012-2013 denboraldian egin zuen debuta partida ofizialean, Hapoel Kiryat Shmonaren aurka Israelen jokatutako Europa Leagueko partidan. Denboraldi berean, ligan lehoi gisa ere estreinatu zen, Real Madrilen aurkako partida batean, San Mamesen. Hurrengo bi denboraldietan (2013-2014 eta 2014-2015) zurigorrien lehen taldean aritu zen.

Athleticetik irten ondoren, Moranek Leganes, Zaragoza, AEK Atenas, Malaga, Numancia eta Ponferradina bezalako taldeen koloreak defendatu zituen duela hiru urte SDAra heldu aurretik. Denboraldi horren ondoren, Andorran jokatu zuen 2024-25ean eta Bigarren Mailara igotzea lortu zuen. Eta azken denboraldian, urtarrilera arte talderik gabe egon ondoren eta Urritxen entrenatzen egon ostean, denboraldiaren bigarren zatian Ponferradinan aritu zen Lehen Federazioan, igoerako playoffa jokatuz.

Ongi etorri berriro, Erik!

Compártelo