SD Amorebieta 1-1 Náxara CD: Berdinketa Urritxen
Urdinek bigarren berdinketa jarraian lortu dute etxean, oraingoan Naxara CD taldearen aurka, gaurko arratsalde hotzean Urritxen jokatutako partidan. Aitor Zulaikaren mutilek abagune onenak sortu dituzte lehen zatian, baina bisitariak izan dira bigarren zatian markagailua ireki dutenak. Azken txanpan, Torricoren burukada batek behin bateko 1-1ekoa ezarri du Mendiberen erdiraketa on baten ondoren.
Gureak gola sartzetik gertu egon dira hasi eta berehala, baina Torricok ez du oso gutxigatik errematatu Zorrillaren erdiraketa. Urdinek golaren bila jarraitu dute eta Etxaniz lortzeko zorian egon da Castañedaren erdiraketa zehatz baten ostean, baina 9aren burukada bikainak langa jo du. Beste burukada bat, kasu honetan Torricorena, eskuadratik oso gertu joan da beste aukera on batean. Urdinen saiakerak gorabehera, lehen zatia hasierako markagailuarekin amaitu da.
Bigarren zatiaren hasieran, SDAk 1-0ekoa egiteko aukera aproposa izan du, epaileak penaltia adierazi baitu Zorrillak egindako jaurtiketa baten ondorioz atzalariai baloiak eskuan jo ostean. Hala ere, Toño Ramirezek Castañedaren jaurtiketa gelditu du. Gidoia errepikatu egin da beste aldean. Naxararen aldeko penaltia Altamirak gelditu du 60an.
Golak iristen amaitu dira. Gureek defentsan lan ona egin duten arren aukera oso gutxi jasoz, Naxarak aurrea hartu du 67. minutuan Ivan Villosladaren bitartez. Hortik aurrera, urdinek area bilatzen jarraitu dute ofizioa erakutsi duen aurkari baten kontra. Golaren saria 80. minutuan iritsi da, Torricok Mendiberen erdiraketa on bat buruz sareratu duenean. Zulaikaren taldea azken unera arte saiatu da eta Errioxako taldea defendatzera behartu du berdinketari eusteko.
SD AMOREBIETA: Altamira, Mendibe, Odei, Entrecanales, Castañeda, Arratibel, Fausto Tienza (85’ Marouane), Lulu (64’ Hodei Rodríguez), Zorrilla (79’ Asier Sánchez), Torrico eta Etxaniz (64’ Reka).
NÁXARA CD: Toño Ramírez, Miguel Rodríguez, Eloy Blanco (79’ Izan Flaño), Juan García, Iván Villoslada (79’ Iker Landín), Marcos Ceña (65’ Álex Merino), Víctor Martínez, Hugo Martínez (71’ Javier Orodea), Markel Gil (46’ Pepe Blanco), Álvaro García eta Javier Caño.
Golak: 0-1: Min. 67; Iván Villoslada. 1-1: Min. 80, Torrico.
Epailea: Manuel Ramírez. Txartel horiak: Altamira eta Arratibel SDAren aldetik; eta Naxarako Álvaro García, Juan García, Iker Landín, Pepe Blanco eta Javier Caño.