Logotipo centenario SD Amorebieta

Urdinek euren hirugarren 1-1eko markagailua jarraian lortu dute. Oraingo honetan etxetik kanpo, Gimnastica Segovianaren zelaian. Berlangak etxekoak aurreratu ditu 14an, baina laster bueltatu du berdinketa markagailura Alvaro Marinek. Natxo Gonzalezen mutilak hobeak izan dira neurketaren lehen orduan, baina ezin izan dute etekinik atera gol gehiago lortuz eta azken txanpan aurkaria izan da gora joan dena, haiek ere arrakasta barik.


SDA ondo hasi da, arerioaren area inguratuz. Hala ere, lehen ordu laurdena bete baino lehentxeago, gureen akatsak aprobetxatuz, Berlangak ez du barkatu. 1-0ekoaren ostean, urdinek ondo erreakzionatu dute eta gola bilatzen jarraitu dute. 18. minutuan aurkitu dute, Alvaro Marinek Ericen erdiraketa sare barrura bidali duenean. Gureek baloia mugitzen jarraitu dute arriskua sortzeko zuloen bila, baina aukerarik onenak geldikako ekintzetan heldu dira. Oliva atezainak Marinen bigarren gola eragotzi du eta gero geldiketa bikaina egin du Herviasek atsedenaldira iritsi aurretik jaurtitako faltan 1-2ekoa sahiesteko.

Aldageletatik igaro ostean, urdinek gogotsu jarraitu dute garaipenaren bila. Aurkariek zornotzarren jokoa geldiarazten zuen berdinketa mantentzeko. Area ertzeko falta batean, Herviasek berriro abisatu du, gutxigatik kanpora joan den saiakera batekin. Minutuek aurrera egin ahala, urdinen nagusitasuna lausotzen joan da. Etxekoak lerroak aurreratzen eta arrisku-sentsazioa sortzen joan dira. Segovianak gola lortu du amaieratik ordu laurdenera, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Azken txanpan, bi taldeak garaipena lortzen saiatu dira, baina inor ez da horretarako gai izan eta puntu batekin konformatu behar izan dute.

GIMNÁSTICA SEGOVIANA: Oliva, López, Abel Pascual, Manu (74’ Astray), Berlanga, Hugo Díaz (58’ Gómez), Borrego (74’ Tellechea), Fer Llorente, Céspedes, Farrell (58’ Ferreiroa) eta Silva.

SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Amelibia, Kortazar, Camacho (78’ Iñigo Muñoz), Masllorens, Javi Sola (78’ Berto), Ben Hamed (78’ Selma), Hervías (67’ Carbonell), Eric eta Álvaro Marín (78’ Kaxe).

Golak: 1-0: Min. 14; Berlanga. 1-1: Min. 18; Álvaro Marín.

Epailea: Álvaro Juncal Moreira. Txartel horiak: Silva, Céspedes eta Ferreiroa etxeko taldean; eta Enol Coto eta Berto SDAren aldetik.

Compártelo