SD Amorebieta

Urdinak garaipena lortzetik gertu egon dira La Romaredara egindako bisitan. Oso gertu. Zelai zaila zen, Real Zaragoza bere azken hiru partidak etxean irabaztetik zetorren eta. Hain gertu, etxekoen behin betiko 1-1ekoa neurketako azken jokaldian heldu dela. Minutu batzuk lehenago, 77.ean, Óscar Gilek 0-1ekoa lortu du korner baten egindako burukada eder batekin. Haritz Mujikaren mutilen partida bikaina izan da, batez ere bigarren zatia. Hala ere, merezitako garaipenaren sariak ihes egin du azken momentuan.

Real Zaragozaren hasierako bultzadak urdinak, oraingoan berdez, defendatzera behartu ditu neurketaren hasieran. Ahaleginean sendo eta solidario, aurkariaren erasoak eustea lortu dute eta ez dute abagune aipagarririk jaso. Pixkanaka, La Romaredako berdegunean metroak aurrera egitea lortu dute eta Morenok 13. minutuan eman du lehen abisua Alvarezen eskuetan bukatu duen burukada baten bidez. Lehen ordu laurdena gaindituta, Nolaskoainek 0-1ekoa sinatzeko aukera argia izan du, baina bere jaurtiketa langa gainetik joan da. 

Norgehiagoka berdintasun fase batean sartu da eta defentsak erasoei gailendu zaizkie hurrengo minutuetan. Areatan ez da albisterik egon lehen ordu erdia igaro arte, etxekoek aukera bat izan dutenean Zapaterrek botatako falta bati esker. Zorionez, baloia gutxigatik atera da kanpora. Gauza bera gertatu da 34an 39an Sabinek egindako bi burukada arriskutsuen ostean eta partida golik gabe heldu da atsedenaldira. Hori ekiditzeko zorian egon da Guruzeta lehen zatiko azken aukeran, baina bere saiakerak, aurkarien atezaina tokiz kanpo zegoela, ez du atea aurkitu.

Bigarren atala Real Zaragozaren abagune on batekin abiatu da: zutoinak Borja Sainzen errematea aldaratu du. Zornotzarrek erantzuna eman diote Aldalurrek eskuin hegaletik egindako erdiraketa baten bidez, baina Iker Bilbaok ezin izan du baloia ate barrura bultzatu zentimetro gutxigatik. San Josek ere 0-1ekoa bilatu du erlojua lehen ordura iristear zenean, baina pilotak ez du eskuadra aurkitu. Mujikaren mutilek bikain defendatzen zuten eta aurrealdean min egiten saiatzen ziren. Erasoan freskotasun bila, Obi eta Álvaro Peña izan dira lehenak berdegunera aulkitik sartzen. Urdinak goletik gertu egon dira berriro 70. minutuan Olaetxearen burukada baten bitartez. Álvarez atezainak sahiestu du. 

Esfortzuaren saria 77an iritsi da, Óscar Gilek 0-1ekoa sartu duenean burukada eder batekin Seguinek ateratako korner baten ondoren. Markagailuan abantaila izanik, gure taldeak gogotsu defendatu behar izan du. Eta ederki egin du, baina azkenengo jokaldian Iván Azónek buruz lortu du 1-1ekoa, urdinak merizatako garaipena barik utziz. Norgehiagokaren albiste positibo bat Ozkoidiren itzulera izan da, lesio luze bat gainditu ostean.

REAL ZARAGOZA: Álvarez, Fran Gámez, Lluis López, Jair, Chavarría (86’ Nano Mesa), Zapater, Vada, Eugeni (75’ Nieto), Borja Sainz (65’ Puche), Sabin (65’ Iván Azón) eta Álvaro. 

AMOREBIETA: Santamaría, Aldalur (75’ Markel Lozano), Óscar Gil, Nolaskoain, Irazabal, Seguín, San José, Olaetxea (81’ Luengo), Iker Bilbao (63’ Álvaro Peña), Moreno (63’ Obi) eta Guruzeta (81’ Ozkoidi).

Golak: 0-1: Min. 77; Óscar Gil. 1-1: Min. 96; Iván Azón.

Epailea: Rubén Ávalos Barrera (Katalunia). Txartel horiak atera dizkie etxeko Vada jokalariari, eta SDAko Seguín, Irazabal, Óscar Gil, Obi eta Nolaskoain futbolariei. 

Compártelo