Euskal Herriko 160 futbolari inguru batuko ditu emakumezkoen I. SDA Gold Cup-ak

sda gold cup aurkezpena

Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako gaztetxo mailako 12 taldek hartuko dute parte hurrengo astezkenean, maiatzaren 1ean, ospatuko den I. SDA Gold Cup emakumezkoen 7ko futboleko Torneoan. “Ekimen honen bidez, Sociedad Deportiva Amorebietako Zuzendaritza Batzordeak herriko emakumezkoen futbola bultzatzea du helburu, kirolean ere berdintasuna sustatzeaz gain. Torneoa gaur egun dugun emakumezkoen kirol egitura handiago baten lehen urratsa izatea nahi dugu. Beste helburu bat, lehiaketa berri hau ospe handia duen abenduan antolatzen dugun gizonezkoen nazioarteko torneoaren pare jartzea da”, azaldu du Jon Larreak, SDA-ko presidenteak.

Guztira, 2005 eta 2006 urteetan jaiotako 160 neska inguru batuko ditu Txolonen jokatuko den txapelketak. 12 taldeak hiru multzotan banatuko dira goizean, 9:30ean hasita, ligaxka formatuan jokatuko den lehenengo faserako. A multzoan, Athletic, Pauldarrak, Tolosa eta Etorkizun egongo dira. B multzoan, Amorebieta, Bizkerre, Lakua eta Añorga. Eta C multzoan, Osasuna, Basauriko Kimuak, Arratia eta Aurrera Vitoria.  Zortzi onenek, arratsaldean, 16:00etatik aurrera, ospatuko diren kanporaketetarako sailkapena lortuko dute. Partiduek 25 minutuko iraupena izango dute.

Egunean zehar hainbat zozketa gauzatuko dira. Sarien artean, Athletic eta Osasunaren kamisetak, Kappa markako arropa, Boroa Jatetxean afari bat eta Amorebieta-Langreo partidurako bi sarrera nabarmentzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude