SDAko bazkideek larunbateko Amorebieta-Gimnástica partida garrantzitsura lagun bat gonbidatzeko aukera dute

zaleak urritxen

Talde urdinak martxan jarri du Urritxen “denboraldiko orain arteko partidurik garrantzitsuenean” girorik onena sortzeko kanpaina

 

SDAko bazkide bakoitzak lagun bat gonbida dezake S.D. Amorebietako lehen taldeak Urritxen, otsailaren 9an, 16:30ean Gimnástica de Torrelavegaren aurka jokatuko duen partidura. Zuzendaritza Batzorde urdinaren esanetan, “orain arte, denboraldi honetan jokatu dugun partidurik garrantzitsuena da”. Hori dela eta, klubeko buruek Urritxera jende asko eraman nahi duen kanpaina jarri dute abian eta girorik onena lortu nahi dute. Horrela, Iñigo Vélez de Mendizabalek zuzentzen duen taldeak bigarren itzuliaren hasiera bikaina luzatu eta jaitsiera postuekin tartea ireki dezan denboraldiko funtsezko une honetan.

Jon Larrea buru duen batzordeak atzoko bileran erabaki zuen bazkide bakoitzak lagun bat gonbida dezakeela doan larunbateko partidura. Gonbidapen hauek astean zehar klubak San Miguel kalean duen dendan eta larunbatean Urritxeko sarreran jaso daitezke. Oinarrizko futboleko jokalariek ere gonbidapen bat izango dute nahi dutenari emateko. Halaber, klubak hainbat gonbidapen banatuko ditu Amorebieta-Etxanoko beste kluben, elkarteen eta ikastetxeen artean. Hauek dira larunbatean Urritxe gotorleku bihurtzeko SDAk hartu dituen hasierako neurriak, baina, besterik ere egongo da. Eta beste horiek astean zehar zabalduko dira erakundearen sare sozialen bidez.

Horrela, SDAk dei berezia egiten die bere bazkide eta jarraitzaileei, baita herri guztiari ere. Talde urdina jaitsiera eta promozio postuetatik kanpo dago. Vélez de Mendizabalen mutilak garaipen bi (Bilbao Athletic eta Tudelano) eta berdinketa bi (Calahorra eta Real Unión) lortu dituzte bigarren itzuliko lehen lau partiduetan. Bigarren itzuli honetan zortzi puntu lortu dituzte; lehen itzulian, berriz, aurkari berdinekin puntu bakarra lortu zuten. Gimnástica de Torrelavega, Urritxera larunbatean datorren taldea, aurkari zuzena da. Azken-aurrekoa da eta SDAk baino sei puntu gutxiago ditu. Urdinen garaipenak kantabriarrekiko tarte handia zabaltzeaz gain, Bigarren B Mailako II. multzoko postu lasaiagoetara eramango ditu zornotzarrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude