SDA 2018-2022 printzipio gidariak

aupa AZULES

KIROL EGITERA!

1. Sociedad Deportiva Amorebietaren printzipio gidaria da kirolaren praktika sustatzea Amorebieta-Etxanoko eta gure inguruko neska eta mutilen artean. Kirolaren praktika osasungarria, adiskidetasunaren eta errespetuaren baloreak, esfortzuaren eta nork bere burua etengabe hobetzearen garrantzia eta lehiakortasun mesedegarria uztartzen dituena. SDAk kirolariak prestatu behar ditu, baina baita ere eta batez ere, pertsonak. Kirolaren praktikak, futbolarenak kasu honetan, gazteei eskaintzen die beren garapen pertsonalerako eta prestakuntza akademikorako ezinbesteko jotzen dugun tresna. Baloia eta liburuak bateragarriak dira eta hala izan behar dute, eta gure esku dagoen guztia jarriko dugu horrela izan daitezen.

2. Kirol lorpenak edozein bitarteko erabilita eta edozein prezioren truke erdiestea ez da izango,inola ere, SDAren goiburua. Hori ere ez da izango Zuzendaritza Taldeko arduradunen edo teknikarien helburua. Emaitza lortzea baino gorago jartzen dugu guk balore batzuk barneratzea eta praktikan jartzea: errespetua (aurkariari eta taldekideari, entrenatzaileari, arbitroari eta ikusleei), talde-lana, osasuna,berdintasuna,diziplina, bakoitzaren helburu pertsonalak lortzea eta zoriontasuna. SDA ulertzen dugu proiektu moderno gisa, gure gizartean erabat integratuta dagoena eta, aldi berean, Euskal Herriaren ezaugarri jotzen ditugun baloreak bere egiten eta sustatzen dituena: zintzotasuna, errespetua,konpromisoa, esfortzua eta elkartasuna.

3. SDAk orain arte egin dituen ahaleginak biderkatu behar ditu gero eta emakume gehiago klubean,futbolean eta kirol esparruan sar daitezen. Berdintasunerako bidearekin hitzemanda gaude. Emakumezkoen taldeak ahalik eta kategoria gehienetan sortzeko ahalegina egingo dugu. Eta klubaren Zuzendaritza Batzordean,administrazioan eta organigrama teknikoan emakume gehiago parte hartzea sustatuko dugu.

4. Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza, eta SDAko Zuzendaritza Taldeko arduradunek, teknikariek,langileek eta futbolariek euskara ezagutzea eta erabiltzea sustatuko dugu. Lehen hitza euskaraz esan dezagun beti. Euskara da babestu behar dugun ondasuna, bat egiten eta gure artean komunikatzen lagundu behar digun altxorra, ez da inola ere banatzeko edo elkarrengandik urruntzeko erabili behar. Euskararen erabilera sustatuko dugu eta, aldi berean, euskara ezagutzen ez duten futbolarien edo gurasoen hizkuntza eskubideak urratzen ez direla bermatuko dugu.

5. SDA klubak izena eman dion herriaren garapena eta ongizatea sustatu eta bultzatu behar du. Amorebieta-Etxano da gure herria eta bereziki babestuko dugu gure gazteen garapena eta ongizatea. Xede horrekin, Amorebieta-Etxanoko neskarik edo mutilik, talderik ez duelako, praktikatzeari utzi beharrik izan ez dezan ahaleginduko gara. Gure helburu nagusienetakoa da SDAk gure gazteek behar eta eskatzen dituzten beste talde eratzea. Amorebieta-Etxanoko herritarrak SDArekin identifikatzea da lehenesten dugun helburua, lehen taldeak egon behar duen kategoriari dagozkion ardurak baino gorago jarri duguna.Talde nagusian eta klubeko gainerako kategoria eta taldeetan bertoko jokalari eta teknikarien kopurua handitzea da kemena ematen digun eta ilusioa sortzen digun erronka; herriarekin edo herritarrekin konektatzen ez duen taldearekin gorago kategoriara igotzeak, erabat desmotibatzen gaitu.

6. Esku artean darabilgun “materiala” (gure seme eta alabak, Amorebieta-Etxanoko neska-mutilak) ez da edozelangoa, benetan garrantzitsua da, eta kontu handiz erabaki behar dugu zeini emango diogun gure neska-mutilak pertsona eta kirolari gisa prestatzeko erantzukizuna. Proiektu honetarako aurreikusi dugun helburua da prestakuntza, eskarmentua eta bokazioa daukan pertsona bat lanaldi osoan kontratatzea, SDAren harrobia zuzen,koordinatu eta landu dezan. Erreferentziazko figura futbolarientzat, gurasoentzat eta Zuzendaritza Batzordearentzat. Entrenatzaile guztiak tituludunak eta elebidunak izatea bilatuko dugu; desplazamenduetan neska-mutilen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko dugu, baina baita ama eta aitentzat ere; ekipo edo kategoria ezberdinen artean material- desorekarik egon ez dadila; kirola eta ikasketak uztartzen lagunduko duten ordutegiak ezartzea bilatuko dugu; futbolarien gurasoekin komunikatzeko bide berri eta egokiak ireki eta indartuko ditugu.

7. SDAk Amorebieta-Etxanoko Udalarekin daukan lankidetza-harremana finkatzea eta sendotzea du helburu. Entitate bion arteko aliantza erabat estrategikoa da Udala Urritxe eta Txolon zelaien titularra dela gogoan izanik, eta bazkideen kuotez aparte, klubari ekarpen ekonomikorik handiena egiten dion taldea ere delako. Lankidetza hau, esan beharrik ez dago, berbera izango da Alkatetzan kolore bateko edo besteko alderdi politikoa badago. Guretzat SDA da Amorebieta-Etxanoko ondarearen parte bat. Abiapuntu hau oinarri harturik, honen bidez hitzematen dugu gure udalerriko gainerako kirol klubekin eta elkarteekin lankidetza-harremanak ezarriko eta sendotuko ditugula. Beren esanetara jarriko gara SDA klub honek Amorebieta-Etxanoren eta herritarren interes orokorrari eta garapenari on egin
dakiokeen guztian laguntzeko.

8. Amorebieta-Etxanoko ikastetxe guztiekin lankidetza hitzarmenak ezartzen saiatuko gara. Akordio hauen onuradun nagusi izango dira gure udalerriko neskak eta mutilak. SDAko teknikariek beren ezagutza,gaitasunak eta eskarmentua neska eta mutilen zerbitzura jarriko dituzte, eta beren gaitasunak garatzeko baldintzarik onenetan praktikatzeko aukera izango dute, klubaren egituran sartu aurretik.

9. Bilboko Athletic Clubarekin gaur egun daukagun lankidetza hitzarmena sendotzen eta areagotzen ahaleginduko gara, talde hori delarik SDAren aliatu historikoa. Ahtletic Club taldeak esanahi berezia dauka SDAko bazkide gehienentzat. Gure asmoa da Athletic Clubarekin hitzarmen bidezko eta onuragarria adostea eta zaintzea. Gure lehentasun nagusia izango da, beste erakundeetatik helduko zaizkigun sirenen kanten gainetik.

10. Klubaren ‘jabeak’  eurak direnez, bazkideei emango diegu SDAren informazio zehatza,etengabea eta eskuragarria kirol arloari, zuzendaritza taldeari eta gai ekonomiko zein sozialei buruz. Ezinbesteko jotzen dugu Komunikazio departamentua indartzea. Gizarte sareek ataza hau egiten lagun dezakete eta baliatu egingo ditugu. Baina gizarte sareek ezin dute inola ere ordezkatu gure artean komunikatzeko daukagun modurik behinena: aurrez aurrekoa, begiz begikoa. Elkarrizketa zuzena bazkidearekin,futbolariarekin,aita-amekin eta zaleekin. Elkarrizketarako joera handia duten pertsona irekiek osatutako Zuzendaritza Batzordea. Kudeaketaren gardentasuna ere bada ezinbesteko jotzen dugun zerbait, negoziaezina. Aldian behingo kontu ematea da kudeaketa txarraren eta tentazio okerren kontrako antidotorik eraginkorrena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude