Sociedad Deportiva Amorebietaren Zuzendaritza Talde berriak 361.000 euroko zorra jaso zuen agintaldia hastean

asanblea SD Amorebieta

Gizarte Segurantzak 206.000 euroko isuna ezarri dio SDAri, 16-17 eta 17-18 denboraldietan hainbat futbolari Gizarte Segurantzan altan eman gabe izateagatik

Klubak hartzekodunen aurrekonkurtsoa eskatu du lege aginduz eta zorra birnegoziatzeko, SDAren bideragarritasuna ahalbidetzeko eta Zuzendaritza Taldeko kide berriak aurrekoei dagozkien lege erantzukizunetatik babesteko. Agintaldia hasi baino hamar egun lehenago, Zuzendaritza Batzorde berriak 39.000 euro batu behar izan zituen futbolarien salaketen eraginez taldea Hirugarren mailara jaitsi ez zedin.

Jon Larreak zuzentzen duen Zuzendaritza Batzordeak SDAren aurreko arduradunengandik jaso zuen 417.000 euroko ibilgetua eta 55.000 euroko aktiboa, hau da, 2018ko uztailaren 1ean 361.000 euroko zor garbia egiten zuena. Zama ekonomiko horrek ezinbestean baldintzatu ditu talde urdinaren zuzendaritza taldeko buruek lehen bost hilabete hauetan hartu dituzten erabakiak, bereziki lehen taldeari dagozkionak. Dena dela, eragozpen honek ez die, inola ere, talde hau gaur egun bizi duen egoera larritik ateratzeko kemena,konpromisoa eta ilusioa ahuldu, eta ez die eragotzi kirol proiektu berria abian jartzeko daukaten borondateari eustea. Horiek dira Zuzendaritza Talde urdinak Zelaieta Zentrora SDAren Ohiko Batzarrera etorri diren bazkide guztiei helarazi nahi izan dien mezu nagusiak. Gaurko batzarrean onartu dira 18-19 denboraldirako aurrekontua, 658.000 eurokoa, eta talde berriak abian jarri nahi duen kirol egitasmoa.

Zuzendaritza talde berriak bazkideei azaldu die iragan uztailaren 1ean agindu zuen auditoriaren emaitza, egun horretan baitzegokien agintaldi berria hastea… baina ez zen behar zen moduan gertatu. Gaurko arduradunek zegokien baino hamar egun lehenago hartu behar izan zuten klubaren ardura. Ekainaren 20an, aurreko agintaldia amaitzeko hamar egun eskas falta zirela, aurreko Zuzendaritza Taldeak bere eginkizunak bertan behera utzi zituen eta zuzendari berrien eskuetan utzi zuten taldea, egoera ezin okerragoan: soldata jaso ez zuten hainbat jokalarik aurkeztu zituzten salaketengatik, Amorebietako lehen taldea Hirugarren Mailara jaisteko zorian zegoen. Erantzukizunez jokatzeko eta hartu duten konpromisoari eusteko, Larreak eta bere zuzendaritza taldeak krisiaren kudeaketaz arduratu dira eta erlojuaren kontra lan eginez, bi egunetan lortu zuten lehen 40.000 euroak biltzea eta talde urdinari eman zioten lehen ‘match ball’ delakoa gainditzeko aukera, bulegoetan beheragoko kategoriara jaitsi ez zedin. “Uste dut aurten ez garela Hirugarren mailara jaitsiko, baina ezin dut hitz borobilekin baieztatu. Dakidana da iragan ekainaren 20an, Amorebieta taldea Hirugarren Mailara jaisteko zorian eta ia ia desagertzeko zorian egon zela. Taldea zegokigun egunean baino lehenago eta ia Hirugarren Mailan hartu genuen, eta gaur egun Bigarren B kategorian jarraitzen du, eta hori da egitate objektibo bat”, baieztatu du Jon Larreak.

Zuzendariek eta auditoreak Batzarrari eman diote talde urdinaren egoera ekonomikoari buruzko xehetasun eta datu guztiak. Gaur egun taldeak 747 bazkide ditu,uztailaren 1etik aurrera egin beharreko ordainketa guztiak egin ditu eta aurrekoengandik jasotako zorrari ez diot euro bakar bat ere gehitu. Lehen taldeko jokalariak eta teknikariak egunean daude, eta dagokiena kobratzen dute gainerako taldeetako entrenatzaileek, langileek eta SDAren hornitzaileek.

Zuzendaritza Talde berriko kideek Batzarrari aitortu diote, kluba oso egoera delikatuan hartuko zutela jakin zekiten arren, hasiera batean ez zutela uste horrenbesterako izango zenik. Bestelakoak ziren esku artean zituzten datuak. 2017ko uztailaren 24an egin zen ezohiko batzarrean, hau da, aurreko agintaldian, erakundeko presidenteak bazkideei jakinarazi zien une hartako zorra 33.000 eurokoa zela. Birritan baieztatu zuen. Baina auditoriak egiaztatu duenez, une hartako benetako zorra 224.00 eurokoa zen, ia zazpi aldiz handiagoa. Baina horrekin ez dira amaitu Zuzendaritza Taldearen ezusteko mingotsak. Gizarte Segurantzak talde urdinari 206.000 euroko isuna ezarri dio 2016-17 eta 2017-2018 denboraldietan hainbat futbolari Gizarte Segurantzan altan eman gabe izateagatik  kuotak ordaindu gabe uzteagatik. Kuotetan ordaindu gabe utzi den kopurua 82.000 eurokoa da eta beste 124.000 euroak isunak dira. Baina dena ez da hori: Zuzendaritza Talde berriak Gizarte Segurantzarekin daukan zorra 238.000 eurokoa da, 2018ko otsailetik ekainera bitartean ordaindu ez ziren kuotengatik 32.000 euroko zorrari aurre egin behar izan diolako. Azken kopuru hori negoziatuta eta hitzartuta dago jada. Ekainetik aurrera SDAk Gizarte Segurantzako kuota guztiak ordaindu ditu.

Gizarte Segurantzak ezarritako isun honek, aurreko zuzendaritza taldeak utzi duen zorrari gehituta, Zuzendaritza Talde berria derrigortu du hartzekodunen aurrekonkurtsoa deklaratzera. Legeak aurreikusten duen mekanismoa da eta derrigorrezko gertatzen da erakunde batek bere derrigor ekonomikoei erantzuterik ez duenean, eta helburu bikoitza dauka: alde batetik, zailtasun egoeran dagoen erakundeari hartzekodunekin hitz egiteko eta bere etorkizuna bideragarri egin dezakeen plana diseinatzeko denbora irabaztea; beste alde batetik, gaur egungo zuzendariak blindatzea eta aurreko legealdiko zuzendarien jardunaren ondorioz eragin litezkeen lege erantzukizunetatik babestea. Auditoriaren emaitza duela aste bi ezagutu delarik, Zuzendaritza Talde berria hasi da bideragarritasun plan berria diseinatzen, SDA taldeari gaur egungo egoera ekonomiko larritik ateratzera begira eta egoera honek kirol esparrua kalte ez dezan. Plan hau, logikoa denez, urte batzuetarako aurreikusita dago eta SDA osatzen duten guztien esfortzua eskatuko du,futbolariena, teknikariena, langileena eta klubaren hartzekodunena,alegia.

Batzarrak era berean onetsi du 2018-2019 denboraldirako Aurrekontua, 658.000 eurokoa izango dena. SDAko bazkideek oniritzia eman diote Zuzendaritza Batzordeak aurkeztu duen kirol proiektuari. Talde urdinak aurtengo denboraldian 14 ekipo izango ditu: gizonezkoetan, Bigarren B mailako taldea, Erregionalekoa, Gazteen talde bi, Kadete mailako hiru, Umeen mailako lau eta Alebin mailako bi; eta emakumezkoen kategorian, Kadete talde bat. Asier Goiria izango da klubeko kirol zuzendaria eta Félix Fernández izango da oinarrizko futboleko koordinatzaile berria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude