Bueltan da Amorebieta-Etxano Cup-a

presentacion amorebieta etxano cup 2018

Abenduaren 6 eta 7an Txolonen jokatuko den txapelketan kimu adineko 22 taldek parte hartuko dute. Horien arten, Athletic, Barcelona, Sevilla, Olympique Marsella edota Milan nabarmentzen dira.

Sociedad Deportiva Amorebietako presidenteak, Jon Larreak, Zornotzako alkateak, Andoni Agirrebeitiak, eta kiroletako zinegotzia den Luciano Martínezek, abenduaren 6an eta 7an ospatuko den Amorebieta-Etxano Cup Nazioarteko 7ko futbol torneoaren 16. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Txapelketa honek kimu adineko 22 talde batuko ditu eta Txolonen jokatuko da.

Ostegunean inguruko 12 taldek, herriko Larrea Eskola eta Ikastxiki barne, Zornotza Cup-a lehiatuko dute. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Larrea Eskola, S.D. Gernika, Gertasport K.K. eta Ermua C.D egongo dira. B multzoan, Ikastxiki, Baskonia F.E., Lemoa Harrobi eta C.D. Laudio. Eta C multzoan, Bermeo F.T, C.D. Galdakao, C.D. Arratia eta C.D. Ugao.

Lehenengo fasea 9.30ean hasiko da eta ligaxka formatuan jokatuko da. Multzo bakoitzeko bi lehenengoak eta bi hirugarren onenak 16.00etan hasiko diren final-laurdenetarako sailkatuko dira. Partiduek 25 minutu iraungo dute.

Zornotza Cup-eko txapeldun eta txapeldunordeak hurrengo egunerako txarela lortuko dute eta Amorebieta-Etxano Cup-a lehiatzeko aukera izango dute. Ostiralean ere, lau taldeko hiru multzo egongo dira. A multzoa Athletic Club, Olympique Marseille, Amorebieta Gorria eta aurreko eguneko txapeldunordeak osatuko dute. B-n, F.C. Barcelona, A.C. Milan, S.D. Eibar eta Amorebieta Urdina egongo dira. Eta C-n, S.D. Huesca, C.A. Osasuna, Sevilla C.F eta osteguneko txapelduna.

Lehiaketa-sistema aurreko eguneko berbera izango da. Lehenengo fasea 9.30ean hasiko da eta ligaxka formatuan jokatuko da. Multzo bakoitzeko bi lehenengoak eta bi hirugarren onenak 16.00etan hasiko diren final-laurdenetarako sailkatuko dira. Finala 17.45ean hasiko da. Bukatu ostean, sari banaketa ospatuko da eta lehenego zortzi taldeek trofeoak lortuko dituze. Gainera, jokalari, atezain eta golegile onenak sariak jasoko dituzte.

Pasaden denboraldian ez zen txapelketa hau antolatu, baina berriro bueltan da ikusleen gozamenerako. Esperientzia ahaztuko ez duten futbolari gaztetxoen talentu eta esfortzuarekin gozatzeko aukera paregabea izango da. “Anolakuntzak ahalegin handia eskatzen du, baina merezi du, bizitza asko ematen duelako herrian eta gaztetxoen artean ilusioa sortzen duelako”, azpimarratu du SDA-ko presidenteak, Jon Larreak.

Lehenengo egunean, sarrerak dohainik izango dira SDA-ko bazkideentzat eta gainerakoek 2 euro ordaindu beharko dute. Bigarrenean, prezioa 3 eurokoa izango da bazkdieentzat eta 5 euro gainerakoentzat. Bi egunetan, sarrera doakoa izango da 14 urte baino gutxiago duten pertsona guztientzako. Txapelketan zehar, kamisetak eta afariak bezalako sariak zozketatuko dira. “Txosna bat jarriko da eta giro ederra sortuko da. Jendea animatzen dugu etortzera, oinez bada hobeto, eta ea eguraldiak laguntzen duen”, adierazi du Larreak. Ahal den heinean, oinez hurbiltzea eskatu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude