Eneko Atxak egingo du SDA – Athletic Club lagunarteko partiduko ohorezko sakea

Eneko Atxa

Eneko Atxak ohorezko sakea egingo du SD Amorebietak eta Athletic Clubek datorren ostegunean Urritxen jokatuko duten lagunarteko partiduan.

Erakunde urdinak lau Michelin izar dituen sukaldari zornotzarraren lana goraipatu nahi du,  sormen arloan nazioartean duen zabalkundea eta Amorebieta-Etxanon dituen sustraiak lotzen dituelako.

Eneko Atxa sukaldari zornotzarrak ohorezko sakea egingo du SD Amorebietak eta Athletic Clubek datorren ostegunean, hilak 19, 18:00etan, Urritxen jokatuko duten lagunarteko partiduan. Atxa, SDAko bazkidea dena, gaur egungo enbaxadore onenetarikoa da, eta ez bakarrik erakunde urdinarena, baita Amorebieta-Etxanoko herriaren, Bizkaiko Lurralde Historikoarena eta Euskadi osokoa ere. Ahobatezko adostasunez, munduko sukaldari onenen artean dugun honek lau Michelin izar ditu: lehenengo hirurak 2012ko azaroan lortu zituen Azurmendi jatetxean eta laugarrena 2017an lortu zuen Larrabetzuko Eneko jatetxean egiten duen lanagatik. Amorebieta-Etxanoko sukaldariak Bilbon, Londonen, Tokion eta Tailandian ere jatetxeak ditu.

Berrogei urte ditu Atxak eta nazioarteko aitorpenen bilduma du. Azkenengoa ekainean jaso zuen Bilbon ospatu zen ‘The World’s 50 Best Restaurants’  ekitaldiaren barnean. ‘Azurmendi’ Munduko Jatetxerik Jasangarriena izendatu zuten, eta Chef bizkaitarrak bere ibilbide osoan gastronomiaren bidez gizarte jasangarriago, osasuntsuago eta justuago baten alde egin dituen ahaleginen aitorpena da berau.

Jon Larrea presidenteak azaldu duenez, SDAko Zuzendaritza Batzorde berriak Athletic Clubaren aurkako partiduak piztu duen arreta aprobetxatu nahi izan du Eneko Atxari eskerrak emateko, SDAren eta, gure ustez, Amorebieta-Etxanoko herriaren enbaxadore ezin hobea delako. “Eneko gau baten telebistan Londresen sari bat jasotzen ikusten duzu eta hurrengo egunean ogia erosten, alabekin jolasean, korrikan edo lagunekin pintxo-potean ikusten duzu. Betebeharrek eta lan ordutegiek ez diote Urritxera joateko nahi beste aukera uzten, baina denbora honetan guztian SDAko bazkide izaten jarraitu du. Gainera, gizarte gaiez ere arduratuta dago eta duen enpresa inguruak babes ezberdinen bidez klubaren ekonomiari ere laguntzen dio”, goraipatzen du Larreak. Atxa Athleticeko bazkidea ere bada eta zale amorratua da gainera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude