SD AMOREBIETA 1-2 REAL SOCIEDAD B: Porrot berria Lezaman

487E39C2-DDA1-40BA-8B65-207800DAB6F2

Urdinek bigarren porrota jarraian sufritu dute Lezaman, Real Sociedad B-k hiru puntuak eskuratu baititu LaLiga SmartBankeko 12. jardunaldiko euskal derbian. Gipuzkoarrek atsedenaldiaren atarian egin dute gola Karrikabururen bitartez eta Alkainek abantaila handitu du neurketaren azken txanpan. Luzapenean, bi minutukoa besterik ez dena izan, Amorrortuk bere gol-kontua estreinatu du 1-2koa sinatzeko.

Norgehiagoka berdinduta hasi da. Bisitariak baloiaren jabe egin dira eta gureak futbol bertikalago batekin beldurtzen saiatu dira. Lehen ordu laurdena gaindituta, Donostiako taldeak abisua eman du Magunazelaiaren erremate batekin eta Saizarrek geldiketa bikaina burutu du. Handik gutxira, Alkainek atea ikusi du, baina gola ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako.

Urdinek hegaletatik heldu nahi izan dute eta hainbat erdiraketa bidali dituzte area barrura, Ayesa estualdian jarri ezin izan duten arren. Ordu erdia igarota, Obik Iker Bilbaorekin bat egin du gune arriskutsuan, baina 6aren jaurtiketa langa gainetik joan da. 0-1ekoa lehen zatiko azken jokaldian iritsi da. Saizarrek Olasagastiren zartakoa urrundu du, baina Karrikaburuk aldaratzea jaso eta fusilatu egin du.

Bigarren zatiaren hasieran, urdinek berdinketa lortzeko aukera paregabeak izan dituzte. Lehena Olaetxearen botetan eta errematea Ayesaren eskuetara iritsi da. Jarraian, Oscar Gilek bolea ikusgarria konektatu du, baina erdiratuegia atera da. Gureak gola bilatzen jarraitu dute eta Orozko sartu berriak birritan egin du topo egurrarekin.

Amaierarako ordu laurden falta zenean, 1-1ekoa sinatzeko zorian egon da Álvaro Peña, korner jaurtiketa baten ondoren, baina bere saiakerak langa urratu du. Zornotzarren ekinak ez du saririk izan eta bisitariek 0-2ekoa sartu dute 83. minutuan, Alkainen jokaldi bikain bati esker. Dena den, Vélez de Mendizabalen mutilek ez dute amore eman eta ohorearen gola lortu dute Amorrorturen bidez bakarrik bi minutu iraun duen luzapen eskas batean.

AMOREBIETA: Saizar, Larra, Luengo, Markel Lozano, Óscar Gil (86’ Amorrortu), Ozkoidi, San José, Iker Bilbao (74’ Mikel Álvaro), Olaetxea (67’ Álvaro Peña), Obi (46’ Orozko) eta Guruzeta (67’ Etxaburu).

REAL SOCIEDAD B: Ayesa, Blasco, González de Zarate, Arambarri, Ezkurdia (31’ Romero), Pokorny, Sangalli (68’ Kortajarena), Olasagasti, Alkain (86’ Djouahra), Magunazelaia (86’ Martón) eta Karrikaburu (68’ Martin).

Golak: 0-1: Min. 45; Karrikaburu. 0-2: Min. 83; Alkain. 1-2: Min. 92; Amorrortu.

Epailea: Trujillo Suárez. Txartel horiak atera dizkie Orozko; Alkain eta González de Zarate jokalariei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude