CF FUENLABRADA 0-0 SD AMOREBIETA: Atea hutsean eta puntu bat Fuenlabradan

3C1E4F00-089C-4040-9054-98DAC36AD8D0

Urdinek puntu bat lortu dute Fuenlabradan golik gabe berdinduta, LaLiga SmartBankeko hamaikagarren jardunaldiko partidan. Lehen aldiz denboraldi honetan, Iñigo Vélez de Mendizabalen taldeak bere atea hutsean utzi du bere bigarren puntua lotzeko etxetik kanpo. Zornotzarrak hobeak izan dira lehenengo zatian eta aukera onenak izan dituzte. Bigarrenean, aurkariak aurrerapausoa eman du, baina urdinak sendo egon dira madrildarrei aukerarik ez emateko.

Zornotzarrak nagusi atera dira, arerioaren arearen inguruan jokatuz. Ordu laurdenean, Obik heriotzaren pasea bilatu du Guruzetarentzat, baina atzelari bat agertu da pilota kornerrera bidaltzeko. Sakean, Arregik burukada bat konektatu eta Morro luzatzera behartu du. Etxeko atezainak gogor lan egin behar izan du minutu pare bat geroago Guruzetaren zartakoari aurre egiteko, Álvaro Peñaren dejada on baten ostean. Morrok berriro ekidin du 25ean aurrelari urdinaren gola, oraingo honetan San Joseren pase polit baten ondoren. Ordu erdira, Fuenlabradak ere arriskua sortu du, baina Zozuliak kanpora jaurti du Pedro Leonen erdiraketaren ostean. Atsedenaldira arte, lehia berdinduta igaro da, areatan abisu nabarmenik gabe.

Bigarren zatia izugarri bizia abiatu da. Baloia lortzeko lehia bakoitza bataila bat izan da. Bi taldeak sendo aritu dira defentsako lanetan, aurkariari aukerak sortzeko tarterik utzi gabe. Jokaldi polemiko bat ere gertatu da, Madrilgo taldeko atzelari batek area barruan eskuarekin ikutu baitu baloia, baina epaileak ez du ezer adierazi. Pixkanaka, Fuenlabradak metroak aurrera egin ditu eta erosoago sentitu da. Dena den, urdinek ahalegin handia egin dute abagunerik ez emateko. Amaierarako ordu laurden bat falta zenean, Pulidoren errematea gelditu behar izan du Saizarrek, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. 85ean, Guruzetak gol ikusgarria bilatu du 40 metrotik atezaina aurreratuta ikusi duenenean eta saiakera kanpora joan zaio gutxigatik. Azken minutuak etxekoen areatik gertu jokatu diren arren, gure taldeak berdinketarekin konformatu behar izan du.

FUENLABRADA: Morro, Pol, Pulido, Juanma, Sotillos (74’ Iribas), Konate (28’ Arturo), Diéguez (74’ Mbia), Pedro León, Mula (63’ Anderson), Soldano (63’ Kanté) eta Zozulia.

AMOREBIETA: Saizar, Aldalur (79’ Larra), Óscar Gil, Arregi, Luengo, Ozkoidi, San José, Álvaro Peña (79’ Mikel Álvaro), Olaetxea (70’ Iker Bilbao), Guruzeta (88’ Etxaburu) eta Obi (70’ Amorrortu).

Epailea: Francisco José Hernández Maeso (Extremadura). Txarel horiak atera dizkie Fuenlabradako Pol, Pulido eta Mbia jokalariei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude