SD AMOREBIETA 2-3 FC CARTAGENA: Lehen porrota Lezaman

A8CF31FB-96CC-4574-B439-78693F08CEE4

Amorebietak denboraldiko lehen porrota jaso du Lezaman, gaur arratsaldean Futbol Club Cartagenaren aurka jokatutako hamargarren jardunaldiko norgehiagokan. Iñigo Vélez de Mendizabalen mutilek ez dute zigor hori merezi izan, bi aldiz jarri baitira aurretik markagailuan Olaetxea eta Larraren golekin. Hala ere, aurkari oso eraginkor batek hiru puntuak eskuratu ditu Ruben Castrok bi bider eta Gallarrek 90. minutuan lortutako golei esker.

Urdinak entxufatuta atera dira. Horren erakusgarri da lehen abisuak 30 segundo baino ez dituela behar izan iristeko, Orozkok sarearen albora egindako jaurtiketa batekin. 1-0ekoa hamabigarren minutuan heldu da. Seguinen ezker dotoreak erdiraketa zehatz bat jarri du eta Olaetxea lokomotora gisa agertu da baloia buruz sarera eramateko. Abantailak ez du gehiegi iraun, bisitariek markagailua berdindu baitute 18. minutuan Ruben Castroren txilena polit batekin. Lehen zatiaren azken txanpara arte, lehiak berdinduta jarraitu du, berririk gabe areatan. Atsedenaldia baino lehen, gure taldeak bigarrenaren bila jo du, baina atzelariek Obi eta Larraren saiakerak oztopatu dituzte.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, Orozkok aukera bat izan baitu 30 segundora. San Joseren eta Larraren arteko konexio handi baten ondoren, 20aren jaurtiketa Marc Martinezek harrapatu du. Iker Bilbaok ere atezainaren eskularruak berotu ditu zartako batekin area ertzetik. 2-1ekoa Seguinek ateratako korner batean erortzeko zorian egon, baina Marc Martinezek hegan egin du 62. minutuan Luengoren burukada gelditzeko. Ekinak saria jaso du. Izan ere, segundo batzuk geroago, Larrak aldaratze bat harrapatu eta gol ikusgarria lortu du urdinak aurretik jartzeko.

Golaren ostean, Vélez de Mendizabalen mutilek aurkariaren atea bilatzen jarraitu dute. Obik boleaz probatu du, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. Errentak gutxi iraun dio berriro talde zornotzarrari, Ruben Castrok 2-2koa lortu baitu zutoina ukitu ondoren sartu den jaurtiketa batekin.

Gure mutilak 3-2koa lortzeko zorian egon dira 86an, aukera bikoitza izan dutenean. Lehenengoan, Etxabururen burukadak langan jo du. Bigarrenean, Aldalurrek, denboraldi honetako estreinaldi ofizialean, atezainaren geldiketarekin topo egin du. Huts egin ez duena Gallar bisitaria izan da 90ean, 2-3koa sinatu duenean. Luzapenean, Guruzetak berdinketa sartzeko aukera izan du, baina gehiegi gurutzatu du baloia. Gaurtik aurrera, datorren asteazkenean Fuenlabradaren zelaian jokatuko den partidan pentsatzea tokatzen da.

AMOREBIETA: Saizar, Larra (78’ Aldalur), Markel Lozano, Arregi, Luengo, Seguín, Larru (46’ San José), Olaetxea, Iker Bilbao (78’ Etxaburu), Orozko (84’ Guruzeta) eta Obi (74’ Amorrortu).

CARTAGENA: Marc Martínez, Delmas, David Simón, Pablo, Gastón Silva, Cayarga (81’ Luna) Bodiger, Dauda (85’ Gallar), De Blasis (81’ Tejera), Okazaki (64’ Boateng) eta Rubén Castro (85’ Ortuño).

Golak: 1-0: Min. 12; Olaetxea. 1-1: Min, 18; Rubén Castro. 2-1: Min. 63; Larra. 2-2: Min. 73; Rubén Castro. 2-3: Min. 90; Gallar.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana (Las Palmas). Txartel horiak atera dizkie Larra; Cayarga eta Delmas jokalariei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude