CD TENERIFE 2-1 SD AMOREBIETA: Porrot mingarria Tenerifen

9616EB2E-63CD-4369-B077-D106EB9F58D4

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Club Deportivo Teneriferi egindako bisitan, gaur arratsaldean Heliodoro Rodríguez López zelaian jokatu den LaLiga SmartBankeko bederatzigarren jardunaldiko partidan. Sociedad Deportiva Amorebietak maila ona erakutsi du, baina ez du zorterik eduki neurketaren une erabakigarrietan. Eladyk lehen zatian eta Shashouak penalti eztabaidagarri batekin bigarrenean bi goleko abantailarekin jarri dute etxeko taldea, baina gureek ez dute amore eman eta zerbait positiboa lortu nahi izan dute amaierara arte. Hala ere, behin bakarrik ikusi ahal izan dute atea Etxabururen burukada bati esker.

Neurketa abiatu aurretik, urdinek, gaur berdez jantzita, La Palmaren aldeko kamisetak jantzi dituzte, irla osatzen duten 14 udalerrien izenekin eta hurrengo mezu honekin: “Eutsi La Palma!”. Izan ere, une zail hauetan, denok gara La Palma.

Behin partida hasita, gureak serio eta entxufaturik agertu dira. Gauzak horrela, 10. minutuan, korner bat aprobetxatuz, Obik sare barrura bidali du baloia buruz, baina gola ez da markagailura igo, jokoz kanpo zegoelako. Zornotzarrak eroso sentitzen ari ziren Heliodoro Rodriguez Lopezen berdegunean, baina erdiraketa batek 1-0ekoa eragin du, Eladyk sinatuta. Jokaldi horretan Santamaria atezainak min hartu du eskuineko sorbaldan eta ezin izan du partidan jarraitu, bere postua atepean Saizarri utziz.

Lehen zatiaren azken txanpan jokalari bat gutxiagorekin geratu da Tenerife, Mellotek bigarren txartel horia ikusi baitu. Urdinak berdinketaren bila aritu dira atsedenaldia baino lehen, baina Leonek Olaetxeak area txikian fusilatzea eragotzi du Guruzetaren dejada on baten ondoren eta Alvaro Peñaren burukada batek ez du saririk lortu.

Aldagelatik igaro ondoren, Iñigo Velez de Mendizabalen taldea jaun eta jabe izan da, markagailua berdintzeko zuloen bila. Hala ere, VAR sistemak esku hartu du etxekoen aldeko penalti bat adierazteko eta Shashouak 2-0ekoa egin du.

Zornotzarrek ez dituzte besoak jaitsi eta 2-1ekoa lortu dute 69an. Gola Etxabururen burukada bati esker iritsi da Iker Bilbaoren erdiraketa baten ostean. Jarraian, Iker Bilbaok berak Larraren zerbitzu on bat langa gainetik errematatu du. Juan Sorianok hegaz egin du Larruren jaurtiketa bortitz bat gelditzeko. Urdinek aurkariaren area setiatu dute amaierara arte, baina ez da beste gol bat sartzeko modurik izan. Hemendik aurrera, hurrengo partidan pentsatzea tokatzen da, Lezaman osaptuko dena Cartagenaren aurka.

TENERIFE: Juan Soriano, Mellot, Sipcic, León, Pomares, Alexandre, Aitor Sanz (84’ Sergio González), Rubén (58’ Míchel), Bermejo (40’ David), Elady (58’ Mollejo) eta Shashoua (84’ Álex Muñoz).

AMOREBIETA: Santamaría (33’ Saizar), Larra, Markel Lozano, Arregi (67’ Etxaburu), Irazabal, Ozkoidi, Larru, Álvaro Peña, Olaetxea (54’ Iker Bilbao), Guruzeta (54’ Amorrortu) eta Obi (67’ Orozko).

Golak: 1-0: Min. 29; Elady. 2-0: Min. 62; Shashoua, penaltiz. 2-1: Min. 69; Etxaburu.

Epailea: Víctor García Verdura, (Katalunia).  Tenerifeko Mellot jokalaria kaleratu du 38an. Txartel horia Aitor Sanz eta Sergio González etxeko taldean; eta Olaetxea eta Irazabal Amorebietan ikusi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude