SD AMOREBIETA 2-2 BURGOS CF: Urdinen fedeak hiru izan ahal diren puntu bat berreskuratu du

D70865F7-06D5-4EAF-9CD3-5ACAC8ABF191

Almeriaren aurkako garaipenaren eta Ibizako berdinketaren ostean, urdinek hirugarren aldiz jarraian puntuak batzea lortu dute. Oraingo honetan, Burgosen kontra Lezaman ospatutako emozioz beteriko partidan.  Zornotzarrek puntu bat berreskuratu dute 89. minutuan eta, horrekin pozik ez egonik, garaipena lortzetik gertu egon dira. Orozkok Amorebieta aurreratu du neurketaren hasieran, baina Juanmak eta Miguel Rubiok markagailua irauli dute. Gure jokalariek ez dute fedea galdu eta azken txanpan Etxabururen bitartez berdindu dute.  Irabazteko aukerak sortu dituzte, baina puntuarekin konformatu behar izan dute.

Neurketa bikain hasi da, urdinek markagailua estreinatu baitute 5. minutuan. Olaetxeak bularrarekin utzi du eta Orozkok bolea ikaragarri batekin baloia eskuairan jarri du. Lehenengo ordu laurdena pasata, zornotzarrek beste aukera on bat izan dute, baina Herrerok Obiren burukada gelditu du Olaetxearen erdiraketaren ostean.

Burgosek berdinketa lortu du 25ean, Juanmak talde-jokaldi polit bat aprobetxatu duenean Santamariarekin buruz buru gelditzeko. Seguinek bigarrena bilatu du atsedenaldia baino lehen, baina bere falta jaurtiketa langa gainetik atera da oso gutxigatik.

Bigarren zatiaren hasieran, Burgos bat gutxiagorekin geratu da, Valcarcek txartel gorria ikusi du eta. Segituan, Olaetxeak aukera on bat eduki du, baina bere saiakera sarearen albo batera joan da. Urdinek gola bilatzen jarraitu dute, batez ere hegaletatik ateratako erdiraketen bidez. Dena den, saria aurkitu duena Burgesoko taldea izan da. Estrategiako jokaldi baten, Miguel Rubiok buruz sinatu du 1-2koa 78. minutan.

Berdinketa oso gertu egon da 82an, baina Herrerok hegaz egin du Guruzetaren burukada gelditzeko. Amorebietak sinisten eta borrokatzen jarraitu du eta 2-2koa 89an heldu da. Larraren erdiraketa eta Etxabururen burukada ate barrura. Luzapenean aukera gehiago sortu dute zornotzarrek. Argiena Óscar Gilek izan du San Joseren burukada baten ostean, baina baloiak zutoina urratu du.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Luengo, Markel Lozano, Óscar Gil, Seguín, San José, Olaetxea (Min. 70, Álvaro Peña), Iker Bilbao (Min. 84, Etxaburu), Obi (Min. 60, Unzueta) eta Orozko (Min. 70, Guruzeta).

BURGOS: Herrero, Navarro, Córdoba, Miguel Rubio, Fran García (Min. 50, Matos), Elgezabal, Andy (Min. 86, Mumo), Valcarce, Saúl Berjón (Min. 86, Zabaco), Guillermo (Min. 60, Undabarrena) eta Juanma (Min. 60, Alegría).

Golak: 1-0: Min. 5; Orozko. 1-1: Min. 25; Juanma. 1-2: Min. 78; Miguel Rubio.  2-2: Min. 89; Etxaburu.

Epailea: Alejandro Quintero González (Andaluzia). Valcarce (Burgos) jokalariari txartel gorria atera dio 52. minutuan. Gainera, Markel Lozanok eta Larrak Amorebietaren aldetik; eta Elgezabal bisitariak txartel horia ikusi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude