UD IBIZA 1-1 SD AMOREBIETA: Lehenengo puntua etxetik kanpo beroak baldintzatutako partidan

ED4AC4C8-3075-40DD-AE99-6B95232A2652

Urdinek bere lehen puntua lortu dute etxetik kanpo SmartBank Ligan, Union Deportiva Ibizaren aurka Can Misses zelaian, txapelketako laugarren jardunaldian. Neurketa izugarrizko beroarekin lehiatu da eta futbolariek egundoko esfortzua egin behar izan dute. Obik partida hasi bezain laster estreinatu du markagailua, baina etxekoek berdinketaren gola sartu dute bigarren zatian.

Partida modu ezin hobean abiatu da zornotzarrentzat, 0-1ekoa bigarren minutuan heldu baita. Larraren erdiraketa eskuin hegaletik eta Obiren burukada ate barrura. Etxekoak aurrera joan dira berdinketaren bila eta urdinei defentsa lanetan esfortzu itzela egitera behartu die. SDA-ko jokalari ohi bat, Ekain, 1-1ekoa sartzeko zorian egon da 34. minutuan, baina bere jaurtiketak zutoinean jo du Ibizak lehen zatian sortu duen aukerarik onenean.

Atsedenaldiaren ostean, norgehiagoka antzerako gidoi batekin hasi da. Etxekoak baloiaz jabetu dira, baina zornotzarrek indartsu jarraitu dute atzean. Dena den, Ibizak saria aurkitu du 53an Castelen jaurtiketa gogor baten bidez. Gola eta gero, urdinek metroak aurreratu dituzte eta Germanen area ertzean bizi izan dute minutu batzuk, baina arrisku garbia sortu barik. Bigarrena sartzeko aukera oso ona izan duena 70. minutuan Can Misseseko taldea izan da, Ekainek langara errematatu duenenean. Guerrerok beste saiakera bat egin du, Santamariaren eskuetara, eta Orozkok area kanpotik erantzun du atezainak gelditu duen tiro batekin. Azkenengo minutuetan, tenperatura altuak ondorioztatuta, erritmoa jaitsi da eta markagailua ez da gehiago mugitu, Larrak gol itzela bilatu duen arren, baina jaurtiketa langa gainetik atera da korrikaldi luze baten ondoren. Gauzak horrela, neurketa puntu banaketarekin bukatu da.

IBIZA: Germán, Fran Grima (Min. 64, Cifuentes), Goldar, Rubén, Morillas, Appin (Min. 64, Javi Pérez), Molina, Ekain (Min. 77, Guerrero), Davo (Min. 77, Nono), Javi Lara (Min. 89, Herrera) eta Castel.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Luengo, Markel Lozano, Óscar Gil, Seguín (Min. 84, Ozkoidi), Larru, Álvaro Peña (Min. 59, Olaetxea), Iker Bilbao (Min. 84, San José), Guruzeta (Min. 59, Unzueta) eta Obi (Min. 66, Orozko).

Golak: 0-1: Min. 2; Obi. 1-1: Min. 53; Castel.

Epailea: Raúl Martín González Francés (Kanariak). Txartel barik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude