GIRONA FC 2-0 SD AMOREBIETA: Irudi ona sari barik LaLiga SmartBankeko estreinaldian

11 vs girona

Sociedad Deportiva Amorebietak irudi oso ona erakutsi du LaLiga SmartBankeko estreinaldian, Girona FC taldearen zelaian. Dena den, urdinek ez dute saririk lortu efikazia gehiago izan duen aurkari baten kontra. Bero handiarekin lehiatutako partidan, etxekoek 2-0 irabazi dute Stuanik eta Bustosek bigarren zatian sartu dituzten goleei esker.

Neurketa oso bizia abiatu da. Lehenengo abisua zornotzarrena izan da, Unzuetaren urrutiko  saiakera batekin, baina Juan Carlosek gelditu du. Etxekoek aukera ona eduki dute hamargarren minutuan geldikako jokaldi baten ondoren. Zorionez, baloiak ez du atea aurkitu. Presio bortitzari esker, urdinek baloia bere areatik urrun mantendu dute lehenengo zatian. Gainera, 0-1eko lortzeko zorian egon dira birritan. Unzuetak ez du gutxigatik Guruzetaren erdiraketa bat harrapatu area txikian. Aukerarik garbiena atsedenaldia gertu zegoenean ailegatu da, Mikel Alvaroren jaurtiketak zutoinaren kontra jo duenean.

Vélez de Mendizabalen mutilek bigarren zatiko hasiera ona burutu dute, baina Girona markagailuan aurreratu da Stuaniren burukada baten ondorioz. Urdinek maila ona mantendu dute eta berdinketa bilatu dute. Entrenatzaileak aulkia mugitu du eta, zelaira sartu eta segundo gutxitara, Óscar Gilek 1-1ekoa egiteko aukera izan du, baina bere burukadak zutoina urratu du. Zornotzarrak aurrera joan dira golaren bila eta etxekoek kontraerasoak sortzeko espazioak izan dituzte. Horietako batean, Bustosek 2-0ekoa sartu du 86. minutuan.

GIRONA: Juan Carlos, Ureña (Min. 72, Sarmiento), Arnau, Bernardo, Juanpe, Jairo (Min. 88, Junca), Terrats, Aleix García (Min. 88, Calavera), Gumbau (Min. 52, Ibrahima), Sylla (Min. 52, Bustos) eta Stuani.

AMOREBIETA: Santamaría, Olaetxea, Luengo, Arregi, Irazabal (Min. 73, Etxaburu), Ozkoidi, Larru, Álvaro Peña (Min. 73, Óscar Gil), Mikel Álvaro (Min. 83, San José), Unzueta (Min. 56, Orozko) eta Guruzeta (Min. 83, Amorrortu).

Golak: 1-0: Min. 49; Stuani. 2-0: Min. 86; Bustos.

Epailea: Gálvez Rascón (Madril). Txartel horiak Ureña, Terrats, Juanpe; Irazabal eta Olaetxeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude