Iñigo Vélez de Mendizabal entrenatzaileak SD Amorebietan jarraituko du

renovacion iñigo

Sociedad Deportiva Amorebieta eta Iñigo Vélez de Mendizabal akordio batera heldu dira entrenatzailearen kontratua beste denboraldi bat luzatzeko. Modu honetan, gasteiztarrak bere laugarren urteari ekingo dio talde zornotzarraren aulkian. Ilusio handi eta berriekin egingo du, klubaren estrenaldia izango baita LaLiga SmartBanken.

Urdinek goranzko ibilbidea jarraitu dute Vélez de Mendizabal Urritxera ailegatu zenetik. Bere lehenengo denboraldian, 2018-19an, zortzigarren sailkatu ziren bigarren itzuli ikaragarri bat burutu ostean. 2019-20an, Amorebieta seigarren tokian kokatuta zegoen covid-19ak lehiaketa geldiarazi zuenean, bukatzeko hamar jardunaldi geratzen zirenean. Orain dela egun batzuk bukatutako txapelketan, igoeraren ametsa egi bihurtu zen Extremaduran jokatutako playoffean Linares Deportivo eta CD Badajoz taldeak menderatu eta gero.

“Oso pozik nago, aurrerapauso bat da. Laugarren denboraldia beteko dut eta gainera Bigarren Mailan. Ilusio handiarekin afrontatzen dut eta hasteko irrikitan nago”, azaldu du Vélez de Mendizabalek. “Erabakia hartzea oso erraza izan da. Igo ginen momentutik, argi neukan hemen jarraitu behar nuela eta Bigarren Mailaz disfrutatzea”, azpimarratu du entrenatzaileak.

Asier Goiria kirol zuzendariaren iritziz, entrenatzailearen jarraipena “albiste bikaina da Amorebietarentzat”. “Bere laugarren urtea izango da klubean eta oso ondo funtzionatzen ari den proiektu honi jarraipena emango diogu”, adierazi du Goiriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude